Erle-kolibria

                               Txikiena izatearen gorabeherak

Grabatu dizuedan testua entzun eta irakurri ondoren, beheko inprimakiari erantzun behar diozu. Animo!






Irudia: Erle-kolibria hegaztirik txikiena da.  1844. urtean aurkitu zuen
 Cristobal Gundlach naturalista eta zientzialari alemanak.
Odol beroko animaliarik txikiena Kuban (Amerikako Antilletan) bizi da, eta ez da satitsu etruskoa: erle-kolibria da. "Mellisuga helenae" du zientzia-izena eta “pájaro mosca” edo “zunzuncito” esaten diote gaztelaniaz.

Haren masa 2 g baino pixka bat gutxiagokoa da eta bizi den habiako diametroak 3 cm baino ez ditu. Erle-kolibria hegaztirik txikiena da, baina gainerako kolibri guztiak ere (Trochiidae familiako espezieak) oso txikiak dira. Hegalen mugimendua hain da azkarra, hegaztiak baino intsektu hegalariak dirudite. Hegoak segundoko 12-90 bider astintzen dituzte eta orduko 50 km-ko lastertasuna lor dezakete. Gainera, atzeraka ere mugi daitezke, beste hegaztiek egin ezin dezaketena.

Kolibriak oxigeno-behar oso handiak ditu, bai eta bihotz-taupadaren maiztasuna ere. Minutuko 1.260 taupada da neurtu den bihotz-maiztasunik bizkorrena; horregatik, oso handia da kolibrien energia-beharra. Hori dela eta, asko jan behar dute; haien tamaina kontuan harturik, ez dago kolibriek baino gehiago jaten duen animaliarik.
      
Hain da handia kolibrien energia-eskaria ezen, gauean, hegan egiterik eta jaterik ez dutenean, beheratu egiten baitituzte giltzurrunen lana, bihotz-taupadaren maiztasuna eta gorputz-tenperatura. Nektarra da kolibrien janari nagusia, baina ez bakarra. Intsektu zenbait jaten dituzte noizean behin, proteina- eta gatz-beharrak asetzeko. Nektarra gluzido-iturri da, baina zenbait loretako nektarraren azukre-kontzentrazioa oso baxua da. Hori horrela, nektar bolumen handiak hartu behar dituzte eta, gainera, maiz hartu behar. Erle-kolibriek, esaterako, 1.500 lore bisitatzen dituzte egun bakar batean, eta kontuan hartu behar da eguneko denboraren % 20 baino gehiago ez dutela ematen nektarra zurrupatzen.

Lan astunak, bai, kolibrienak, hain txikiak izateagatik!

Iturria: Zientzia Kaiera



Iruzkinak